85. iruzkina, 2002ko martxoak 15

      Israel / Palestina: izaten ahal da bakerik?

      Gero eta zailagoa bihurtzen ari da pentsatzea otzimugan gudaren bukaera dagoela. Beti izan da irtenbide errazik gabeko egoera politiko zaila. Hala ere, ez zen ekidinezina iritsi garen egoerara iristea. Bi mugimendu abertzale modernok lurralde bera aldarrikatzen duten egoeran aurkitzen gara. Eta ez da bakarrik biek lurralde eremu bat aldarrikatzen dutela, kontua da biek aldarrikatzen dutela auzian dagoen lurralde guztia.

      Egoera honetan, denok ulertu genuen hasiera hasieratik balizkoan behin betiko hiru irtenbide baino ez zeudela: (1) bi nazioez osatutako estatua egituratzea, (2) alde bat edo bestea lurraldearen %100a bereganatzea (eta aurki besteak kanporatu edo erahil); (3) bi aldeek onartu lurralde zatiketa adostea.

      Bi nazio biltzen dituzten estatuak baturik iraunaraztea aski zaila da (Kanada, Belgika, Txipre), baina badirudi ia ezinezkoa dela holako estatuak egituratzea historikoki existitzen ez zuten lekuetan (eta ab initio egituratu ziren biak –Txekoslobakia eta Yugoslavia- dagoeneko desagertu dira). Judá Magnes intelektual juduak, orain ahaztuta, Unibertsitate Hebraieraren aurreneko errektoreak, bi nazioek osatutako estatua osatzearen alde borrokatu zuen 1948 baino lehen, baina bere iritziak inoiz ez zuen izan entzuleri handirik. Berritan, zenbait intelektual palestinarrek antzeko gauzak mahaigaineratu dituzte, baina hauen iritziak ere ez dute entzuleri handirik. Gertatu den guztia ikusirik, ez dirudi hau aukera bideragarria denik.

      Gero elkar suntsitzearen ideia dago, zeinak bi nazioez osatutako estatuak baino aldekotasun gehiago dituen. Erronka egingo nuke (ez dago iritzi inkesta sinesgarririk) apike israeldar juduen %30a eta arabiar palestinarren %30a aukera horren alde egiten dutela, hauetako batzuk ukatu arren. Hortaz, aintzat hartzeko aukera da, eta egon badago horren alde gogotik lan egiten duen jendea. Noski, alde bakoitzean aukera horren alde egiten duten kideek uste dute garaipena eurena izango dela, eta azterketa geopolítiko luzeak mahaigaineratuko dituzte (eskuhartze jainkotiarra ez aipatzeagatik) irabaziko dutela frogatzeko. Eta batek daki?, agian bietako batek arrazoia du, eta munduak beste holokausto bat zerrendatu ahal izango du -arabiarrena izan edo judutarrena izan- eta arreta beste auzi batzuen gainean jarri (baldin eta, noski, batak edo besteak guda nuklear bati hasiera ematea lortzen ez badu).

      Hori uzten digu gainontzekoi (israeldar, palestinar eta ez bata ez bestea ez garenoi), estatu nazionala sinesgarria ez dela uste dugunoi eta "Armagendona" irrikiz ikusteari uko egiten diogunoi. Bake eraren baten eremua dei dakiguke. Arazoa zera da: ze eratako bakea?. Ez da hain erraza, edozein lekutan eta edozein egoeran bakearen alde egotea, izan ere bi eratako bake hitzarmenak daude: tarta gutxigorabehera erdi bana zatitzen dutenak, 50-50, eta zati oso handi bat eta zati oso txiki bat egien dutenak, esan dezagun 80-20. Eta ez diezadatela justiziari buruz hitz egin. Bakea eta justizia ez dira gauza bera, are gehiago, sarritan bateraezinak dira. Horrela ba, bakearen alde egotekotan, sarritan justiziaren ideiatik aldendu behar da, edo gutxienez erabateko justiziaren ideiatik.

      Bakearen alde daudenen arazoa da oso gutxi direla benetan 50-50 erako irtenbide baten alde daudenak. Gehienek 80-20 erako irtenbideak nahi dituzte. Hori da gertatu zena Osloko negoziazioen aurretik eta ondoren Israel/Palestinaren auzian. Sharon eta Barak-en arteko alde bakarra da Sharonek desoreka handitu duela 20-20tik 95-5era. Hori da gutxigorabehera Arafat eta Hamasen arteko aldea. 50-50era gehiago hurbilduko den hitzarmena lortzea oso urrun geratzen den gauza da. Eta bien bitartean, guda gogortu egiten da eta agian bakea nahi dutenen kontroletik haratago dago.

      Zer da 50-50 erako irtenbide bat. Ez dut galdera hori erantzungo irakurleek xehetasunen inguruko milaka galderekin josiko ninduketelako. Iraganean 50-50 erako irtenbide baten zenbait abiapuntu izan ditugu. Une honetan, jendea Abdullah printzearen proposamen zehazgabeen inguruan eztabaidatzen ari da. Uste dut beste edozein puntu bezain egokia izan daitekeela, baina badirudi inork ez diola bideari ekiten, eta urte baten buruan Abdullah--ren proposamenak historia izan daitezke, dagoeneko Mitchell-enak diren bezala. Edozein eratara, norbaitek 50-50 hitzarmen bat lortu nahi badu oso garrantzitsua da ez bakar bakarrik egitasmo bat, baizik eta izpiritu zantzu bat, elkarri eragindako nekeen neurri bat eta kanpo eragileen presioa.

      Oraingoz, izpiritua ez dago, muturreko nekea nabaritzen hasi baino ez da egin, eta kanpo eragileen presioa hutsaren hurrengoa da. estatu Batuak Israelen aliatua da, buruzagiek inoiz ere ez dira nekatzen jendaurrean adierazteaz, eta gaur egun inoiz baino egia borobilagoa da. Presioa eraginez gero, Israelen aldeko 80-20 irtenbide baten alde da. Europarrak zuhurragoak dira, eta horregatik Israelek ez du nahi inongo eskuhartzerik izan dezaten. Baina europarrek ere ez dute Estatu Batuak jendaurrean kritikatu nahi. Hori Estatu Batuak eta Europaren arteko harremanen arazo zabalago baten zatia da. Eta Abdulah-ek, hori ziurra da, ezin du bakarrik egin, baldin eta benetan 50-50 erako irtenbide baten alde badago.

      Hartara ba, zer gertatuko da?. Horregatik ezkortasunak bere arrazoiak ditu, ezkorrak izatea ikaragarria izan arren. Israeldarrek berriro Cisjordania eta Gazako eremuak iraunkorki berrokupatu ondoren, aldeetako batek arma biologikoak edo kimikoak erabiltzea erabaki eta gero, eta Omar-en mezkita zein damuen harresia behin suntsituta, gerora ebatzi ahal izango dugu bi aldeetako zeinek erabaki duen bere buruz beste egitea. Doktorego tesi eta kazetaritza txosten askoren gaia izango da, eta agian nobela handiak idatziko dituzte.

      Nik leze batean ezkutatzea aholkatuko nuke, nahiz eta jakin egun badirela leze sakonenean ezkutatuta ere hil eta desegiteko gauza diren arma zoragarriak. Gauzak xinpleagoak ziren aurreko urtean.

      Immanuel Wallerstein (2002ko martxoak 15)


      © Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.

      Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).